Historia
XVII.mendearaino, Parisetik Madrilerako bide laburrenaren bazterrean zen Urruña, Frantziako iri nagusitik herri honetara heltzeko hamahiru egun behar ziren zaldiz. Urdazubi eta Bidasoa, Espainia eta itsasoaren artean kokatua den eremu zabal hau izan da monarkiaren azken mendeetan, nazioarteko harreman ezinbertzezko lekukoa.
Espainiako bidean, karrika baten itxura duen herri honetan, Urtubia Jaunen ontasunak, bere gazteluarekin, leku garrantzitsua izan du. XIV. mendean eraikia izan zen gaztelua, Karlos bosgarrenaren (Charles Quint) soldaduek 1558an suntsitu zutena. Urtubiako gazteluak sei menderen historia kondatzen du, Luis XI hemen gaindi ibili zen geroztik, eta berantago Luis XIV, Soult Marexala edo Wellington ere hemendik pasatu ziren.
Hain ospetsua zen Urruña non bere zigiluak Lapurdiko probintziari eskaini baitzizkien. Herri honetan berean zen ideki 1580ean lehenbiziko bidaizalditokietarik bat, orain Turismo bulegoa gerizatzen duen etxea Posta deitzen dena.
Plazan, zurbesoz apaindu lapurtar etxe aitzinak ikus daitezke baina ere X.mendeko eliza, XVI. mendean berriz eraikia hor dago, gotorra , azkarra, defentsarako eraikia bezala, eta 45 m goratasun duen ezkiladorreko iguzki-orratzak hauxe dio « VULNERANT OMNES. ULTIMA NECAT » ( oren guziek kolpatzen dute, azkenak du hiltzen)
Pausu, Zokoa, Kexiloa eta Oletako auzoguneak batetaratzen dituen herri honen kokapena aski berezia da. Alde batean dauzka Kantauri itsas hegiko erlaitz salbai eta babestuak, bestaldean Pirineo mendikatea goxoki apalduz doalarik Larrun kaskotik Bidasoraino.
Oinez edo txirrindulaz bide eta bidexketan ibiliz bisitatuko dituzu, Sokorriko Amaren kapera, Galbarioko otoitz lekua eta sumatuko duzu Urruñaren baserritar nortasuna eta bere ohituren eragina